Zentzuzko merkataritza ekimena Gipuzkoako EHNEk eta EDERTOk bultzatu dute
Gipuzkoako EHNEk eta EDERTO Elkarteak martxan jarritako ‘Baserritik Zuretzat’ lankidetzaproiektua saritu zuten Azpeitian martxoaren 4an egin zuten V. Landaola Sarietan. Gipuzkoako Landa Garapeneko elkarteak biltzen dituen federazioa da Landaola.
‘Baserritik Zuretzat, zentzuzko merkataritza’ proiektua Gipuzkoako EHNE eta EDERTO COVID19aren pandemiaren lehen kolpe bortitzean hasi ziren garatzen. Une horretan, elikagaiak merkaturatu nahi ziren, itxialdiak eragindako egoerak salmenta eragotzi baitzuen. Ekimen honen helburua da zirkuitu labur eta iraunkorreko elikadura-sistema bat garatzea eta txertatzea, komertzialki erakargarriak eta ekonomikoki errentagarriak diren bertako baserrietako sare bat antolatuz, eta, aldi berean, eroslearentzako bermemarka bat sortzea.
Saria jasotzen EHNEko presidente Garikoitz Nazabal eta EDERTO elkarteko Virginia Santoveña izan ziren. Garikoitz Nazabalek gaur egun lehen sektoreak bizi duen egoera gogorra gogorarazteaz gain etorkizun baikorrago bati keinu eginez bota zituen eskertzak saria jasotze unean.
V. Landaola sari hauetan Hernaniko Udalak abian jarritako Hernani Burujabe ekimena, Nagore Martin abeltzaina eta Arantzazuko Artzain Eskola ere sarituak izan ziren beraien ibilbide eta lehen sektorearekiko apustuarengatik.