Gipuzkoako Foru Ogasunarekin bilera burutu du uztailean
Aurrez Gipuzkoako batzar nagusietan egin bezala, Gipuzkoako Foru Ogasuneko arduradunekin bildu ziren EHNEko ordezkariak, Lurgintzako teknikarien laguntzarekin. Fiskalitate berdeaz etengabe hitz egiten den honetan, neurri konkretuak martxan jartzeko beharra mahaigaineratu zitzaien, edukiz jazteko esaten den hori. Halaber, egunerokoan sortzen diren arazo tekniko edo interpretaziokoak ere argitzen saiatzeko probestu zen bilera. Martxoan 1eko aldarriei jarraiki, Batzar Nagusietako fiskalitateari buruzko ponentzian, eta ondorengo bileran mahai gaineratutako eskarietako batzuk ondokoak izan ziren:
- BEZaren itzulketak azkartzea, baserrietan sortzen dituzten altxortegi arazoak gutxitzeko (kontuan izan behar da BEZ 0 aplikatutako salmentek eragin handia dutela, esnearekin esaterako).
- Errenta aitorpenean egiten diren kenkariak (forfaitak ) 2023ko errentarekin bukatzen dira, eta hauek, egonkortzea eta ez kentzea.
- Trasmisioak errazteko, gazteei eginiko dohaintzak, edo lurren bateratzea errazteko dituzten zergak kentzea.
- Basoa atera ondorengo zergapetze sistema aldatzea, landaketak egiten dituztenei zergak jeitsiz eta landatzen ez dutenei handituz, horrela benetan lan egiten ari dena lagunduz.
- Baserritarrek sortzen dituzten gizartearentzako onurak, kenkariekin edota ordainekin laguntzea.
- Gailu teknologikoekin sortzen diren konfigurazio arazoen aurrean, malgutasunez jardutea.
- Idatzizko kontsultak egiten direnean baserritarrak ahalik eta hobekien aholkatzeko erantzuteko azkartasuna, eta galdera kolektiboak egiteko aukera.
Egindako bileraren balorazio positiboa egin zuten EHNEko ordezkariek: “eskariak aztertzekotan agertu dira Foru Ogasuneko arduradunak, eta arazo teknikoak, edo azaldutako dudak begiratu eta argitzekotan. Orain ikusi beharko da hitz onetan geratzen diren edo eskatutako neurriak martxan jartzen dituzten”.