Uztailaren erdian onartu da Gipuzkoako Batzar Nagusietan datorren urteetarako fiskalitatearen oinarriak ezarri beharko lituzkeen ponentzia, EAJ, PSE eta EH Bilduren bozekin. Prozesu luzea izan da, ponente edo hizlari askok parte hartu dutena, bertakoak eta atzerrikoak, eta EHNE izan da parte hartu duen sektoreko ordezkari bakarra. Onartu den dokumentua ikusita, baserritarren sindikatutik ez dute balorazio ona egiten: “ez dago neurri konkretu bakar bat guri dagokigunean, orokortasunak soilik, eta parte hartzean bertaratu genituen planteamendu bakar bat ere ez dute jaso, dirudienez, hau da alderdi politiko horiek fiskalitate berdeaz eta egokiaz ulertzen dutena”.