Desde 1976 defendiendo los valores de la agricultura y la ganadería
Vitoria-Gasteiz
www.uaga.eus
Tolosa
Iruñea
Azpeitia
Tutera
Elizondo
Lizarra
Herria
Noticias EHNE
ACTUALIDAD Herria
Mixel Berhokoirigoin, erdian.

Gamarte herrian (Behe Nafarroa) Uhartia baserrian sortu zen 1952an Mixel Berhokoirigoin. ELB sindikatuaren sortzaileetako bat eta Euskal Herriko Laborantza Ganberaren presidentea urte askotan izandakoa. Bakearen artisau gisa ere ezagutu genuen azken urteetan. Gaixotasun larri baten ondorioz zendu da laboraria. Beti oroituko zaitugu. 


Tristezia eta pena haundia senditzen dute egun Euskal Herriko laborari ainitzek Mixel Berhocoirigoinen heriotzarekin.

Militante haundia galdu dugu, 50 urtez euskal laborarien alde borrokatu dena. Euskaldun Gazteriaren kide izan zen gaztetik, ideia aintzindariak ukanez jadanik gure herria eta barnekaldearen alde. ELBren sortzaileetan izan zen 1982an, eta geroztik borrokalari sutsua izan da egin ahala gizon eta emaztez osatu kalitatezko laborantxaz bezti dadin gure lurraldea. Hogoi urte baino gehiago egon da departamenduko laborantza ganbaran ELBko ordezkari. Euskal laborantzaren etorkizuna ez zela kondutan hartua Pauen barnetik oharturik, beste batzurekin hasi zen Euskal Herriko Laborantza Ganbararen sortzen, hemengo laborarieri beren geroaren eskutan hartzeko tresna bat gehiago emanez. Hainbat auzi pairatu ditu ere horrengatik, beti xuritua. Confédération Paysanne sindikateko sortzaileetan izan da ere, eta laborantxa herrikoi eta iraunkorraren printzipioen idaztean obratzaile nagusia izan da. Behi esne ekoizlea izanez, sail hortako borroketan motore izan da, izan Frantzia mailan Confédération paysanneko ordezkari gisa Onilait batzordean edo departamendu mailako soka tiretan, ekoizle ttipieneri ukatzen zitzaienean besteen eskubide berdinen ukaitea. Euskalduna eta zazpi probintzietako laborari eta bizitzaileen arteko loturen inportantziaz konziente aspalditik, ELB eta EHNE sindikataren arteko harremanak landu ditu beti. ETXALDE laborari mugimenduko kide zen ere.

Azken urteetan, euskal gatazkari aterabideak atxemaiteko xedez, bakearen aldeko ekintzak bultzatu ditu eta lan hortan segitzen zuen sutsuki azken asteetan oraino. Kolektiboki jokatzea lehentasuna ukan du beti Mixelek; gizon argi eta gaitasun haundikoa zen, eta besteen zerbitzuko eman du beti bere indarra. Egunerokoan, lagun goxoa eta irri egitea maite zuena zen.

Ainitz zor diogu Mixeli.

Huts haundia uzten du dolutan den euskal laborantxa mundu huntan. Mikele, Jenofa, Iñaki eta familia guziari zuzentzen dizkiegu gure elkartasuna eta dolumin bizienak.