Eusko Jaurlaritzak onartu du iaz, Gipuzkoan bakarrik, hogeita bederatzi iturburu kaltetu zituela
Otsailaren hasieran Arrasate eta inguruetako talde espeleologiko batek salatu zuen AHTaren lanek Leze Txiki haitzuloko galeria bat hondatu zutela: Euskal Herriko giza aztarnarik zaharrenak dituen haitzuloa da Udalaitz mendian dagoena. Hala ere, kalte horiek ez dira orain ezagutu, izan ere, 2011n ETSk eta ADIFek egindako jardunaldi eta txosten batean jada jakina zen haitzuloan kalteak egin zirela baita Bostiturrieta iturburuan ere. “Iturburua, praktikoki, lehortu egin zen eta Arrasate udalerriko hornidura partzial gisa ezin da erabili”, aitortzen zuten txostenean.
Eusko Jaurlaritzak onartu duenez, AHTaren lanek iaz, Gipuzkoan bakarrik, 29 iturburu kaltetu ditu, ura kutsatuz edo erabat lehortuz: Arrasateko Bostiturrieta, Angiozarren bat, Antzuolan 3, Azkio- Itsason 2, Ormaiztegin bat, Beasainen bat, Andoainen 8, Urnietan 4, Zizurkilen 3 eta beste bat Asteasun. Kalteak gainera, gehienbat baserrien hornidurei eragin die, baita industriei eta udalerriei ere.