1976tik nekazaritzaren eta abeltzaintzaren balioak defendatzen
Vitoria-Gasteiz
www.uaga.eus
Tolosa
Iruñea
Azpeitia
Tutera
Elizondo
Lizarra
Abeltzaintza
Berriak EHNE
AZKENAK ABELTZAINTZA

Produkzio kostuen azpitik dauden kontratuak daudelako

Elikagai Katearen Legeak ezartzen du sektoreko kontratuek produkzio-kostuak estali behar dituztela beti. Premisa hori gorabehera, EHNEk jakin du kostuen azpitik ordaintzen dela egiaztatzen duten kontratuak badaudela, eta, beraz, dagokion salaketa aurkeztuko du Elikagaien Informazio eta Kontrolerako Agentzian.

Esnetarako ardien kanpaina azaroan hasiko da Gipuzkoan, eta gero Euskal Herrira zabalduko da. Hasiera batean, bi hilabete lehenago –garai honetan- artzainek eskaintzak jasotzen eta kontratuak sinatzen hasi behar dute. Legeak ezartzen du bi hilabete lehenago sinatu behar direla eta ekoizpen kostuak estali behar direla gutxienez. Hala ere, artzain batzuek kontratu idatzirik gabe saldu izan dute, eta enpresa gehienek ez dute kostu prezioa estaliko lukeen preziorik ordaintzen. Irregulartasun horiek behin eta berriz jakinarazi dizkiegu industriei.

Eusko Jaurlaritzaren Behatoki plataformaren arabera, ardi esnea ekoizteko kostua 1,63 €-koa da litroko, eta ekoizleari ordaindu zaion prezioa, berriz, 1,20 €-tik 1,30 €/l-ra bitartekoa izan da. Egoera jasanezina da, eta hala jarraituz gero, artzainak desagertuko dira gure lurraldean. Paradoxa bat gertatzen da: inguruan ditugun lurraldeetan, hala nola Gaztelan, ardi esnearen prezioa igotzen ari da esne eskasiagatik, inguru horietan artzainak desagertu direlako.

EHNEk datuak biltzen jarraituko du, bidegabekeriaren bat egonez gero salaketak egiteko. Are gehiago, Euskal Herrian sektoreko enpresa handiak prezioak adosten ari diren susmoa dago, batzuek ordaintzen dutena eta besteek ordaintzen dutenaren arteko aldeak txikiak baitira.

EHNEk jendartea eta indarrean dauden legeak beteko direla bermatu behar duten erakundeak ohartarazi nahi ditu berriro ere. Izan ere, esnearen prezio horiekin eta ekoizpen-kostuen igoerarekin jarraituz gero, galtzeko zorian egon daitekeen sektorea bilaka baitaiteke artzaintza, eta horrek ondorio larriak ekarriko bailituzke, bai ekonomikoki, bai sozialki, baita gure mendietako ingurumenari dagokionez ere.