1976tik nekazaritzaren eta abeltzaintzaren balioak defendatzen
Vitoria-Gasteiz
www.uaga.eus
Tolosa
Iruñea
Azpeitia
Tutera
Elizondo
Lizarra
Azkenak
Berriak EHNE
AZKENAK EHNE
Irudian, kimu bat

Egurraren prezioak beheranzko joera du, suteen ondorioz

Gipuzkoako Baso Saileko ordezkariek lasaitasun mezua helarazi nahi diete baso jabe diren baserritarrei. “Datorren urtean, 2023an alegia, lainoa sar daitekeen urtea da, baina desagertuko da. Hau da, egurraren prezioak behera egin dezakeen arren, ez da gelditzeko etorri den beherakada. Izan ere, Landetan, zein Zamora inguruan izan diren baso sute erraldoietatik etorritako egurra merkatuak berak xurgatu behar du eta ondorioz, prezioen jaitsiera gerta daiteke, baina lasai, ez da betirako izango”, azaldu dute.

Egurraren merkatuaren gorabeherak aurreikustea sarritan zaila dela aitortu duten arren, egur eskaria izango dela baieztatu dute: “Plastikoaren ordezko izango da egurretik eratorritako materiala edo egurra bera. Geroz eta gehiago da bide horretatik datorren eskaera, beraz, 2023an etor daitekeen beherakada horri aurre egin dakiokeen eskaria badagoela esan dezakegu”. Era berean, bizi dugun klima larrialdiaren aurrean basoek duten funtzioa kontuan izanik (Co2a xurgatzea, itzala, lurrari eustea...) baso munduaren izaera estrategikoa ezin da zalantza jarri, eta haren kudeaketa egokiak maila ekonomikoan, ingurumenekoan eta baita sozialean ere abantailak ekar dakizkioke Gipuzkoari baita Euskal Herriari ere.

Landaketa lagundu

Euskal Herrian xingola marroiaren gaitzak jota pinu ugari atera dira. 20.000 hektareatik gora pinudi atera dira, baina haien erdiak baino ez dira berriz ere landatu. Etenik ez duen eta izango ez duen aldarria egin dute Baso Saileko ordezkariek: “Administrazioek kontuan izan behar dute basoaren izaera zein garrantzitsua den. Landaketak egin nahi dituzten guztiak lagundu beharko lituzkete. Bizi ditugun garai hauek inflexio puntu izango baitira eta lndaketei eusten ez bazaie herri gisa gure buruaren kontra egiten ari garela berandu ohartuko gara”.

Etorkizuneko Baso Politikari buruzko eztabaida sakona izaten ari dira Gipuzkoako EHNEko Baso Sailean. Mahai gainean, proposamen ugari dauden arren, landatu nahi dutenei diru laguntzak bideratzearekin bat egiten dute gehienek. Horrez gain, baserritar gazteei landatu gabe gelditzen diren lursailak eskuratzeko neurri fiskalak arintzea eta bertan lanean aritzeko lurren bateratzean laguntzea ere ongi irizten diote Baso Saileko kideek.