1976tik nekazaritzaren eta abeltzaintzaren balioak defendatzen
Vitoria-Gasteiz
www.uaga.eus
Tolosa
Iruñea
Azpeitia
Tutera
Elizondo
Lizarra
Nekazal politika
Berriak EHNE
AZKENAK NEKAZAL POLITIKA

Sektoreak errekonozimendua behar du aurkezten zaizkion erronkei aurre egiteko.

Datorren ekainean Euskadin Lehendakari berria eta Jaurlaritza egitura berria izango dira. Gaur egun, gobernua osatuko duten alderdi politikoak beren egitura eta gobernua osa dezaketen sailen kopurua negoziatzen ari dira. EHNEk eskatzen du, une erabakigarri honetan, lehen sektoreak sail propioa eta esklusiboa izatea, aurkezten zaizkion erronkei aurre egin ahal izateko.

Lau legegintzaldi daramatzagu, beste sail batzuekin nahastuta, Jaurlaritzan presentzia galtzen beste gai batzuen aurrean, eta argi utzi nahi dugu lehen sektoreak tokia behar duela administrazioetan, bere garrantzia eta berezitasuna islatzeko.

Lehen sektorea ekonomia da, ingurumena da, kultura da, osasuna da, gizartearen eta landa-eremuaren garapenaren ikuspegitik ezinbestekoa da. Lehen sektorerik gabe gure herriak hil egiten dira, gure mendiak eta gure ingurune naturalak degradatu egiten dira, eta gure elikadura beste herrialde batzuen kontura geratzen da. Elikadura burujabetza lehentasunezkoa da gure gizartearen etorkizunerako eta horretarako nekazaritzan eta abeltzaintzan diharduten pertsonak, baserritarrak behar ditugu.

Urteak daramatzagu sektorearen krisiari buruz hitz egiten, nabarmenago ikusarazi dena aurtengo neguko mobilizazioetan. EHNEn ohartarazi dugu aktiboak galtzen ari garela, hori eragiten duten faktoreak mahai gainean jarriz eta balizko konponbideak landuz. Horretarako, erakundeek elkarlanean jardun behar dute, sektoreko eragileekin lan egiteko prest egon behar dute, eta lehen sektorea defendatzeko lan amankomunak aurrera eramateko asmo garbia eduki behar dute. Sail hurbilagoa, eraginkorragoa eta leialagoa behar dugu.

Eusko Jaurlaritzaren zeregina funtsezkoa da. Sektorean lan egiten duten pertsonei lagunduko dien departamentua behar dugu, inbertsioak indartuz, enplegua sortuz eta landa-eremuaren biztanleria finkatuz. Nekazaritza-praktika jasangarriak sustatuko dituena, lurzoruaren kontserbazioaren, uraren erabilera eraginkorraren eta abeltzaintza estentsiboaren alde egingo duena,orohar lurralde-orekari eusten lagunduko dion departamentua. Digitalizazioaren eta nekazaritza-ikerketaren bidez sektorearen produktibitatea eta lehiakortasuna hobetuko dituen saila. Sektoreari administrazio-kudeaketa erraztuko dion eta aholkularitza teknikoa, dirulaguntzak eta prestakuntza ahalbidetuko dituen saila; bertako produktuen merkaturatzea sustatuko duena, ekoizleei eta kontsumitzaileei mesede eginez.

Gure ustez, sail propio batek nekazaritzako eta elikagaigintzako gaien kudeaketa eraginkorragoa eta koherenteagoa izatea bermatuko luke, eskumenak beste sail batzuekin gainjartzea saihestuz; izan ere, esperientziak erakutsi duen bezala, gatazkak eta oztopoak sortzen ditu lehen sektorerako politika eraginkorrak ezartzerakoan. Adibide zehatz bat nekazaritza lurra energia berriztagarriko proiektuak instalatzeko erabiltzean dugu, non energia industrien interesak nekazal lurraren defentsaren gainetik nagusitzen diren, lurra baliabide urria eta baliotsua, gure elikadura segurtasuna bermatzen duena eta oreka ekologikoari laguntzen diona dela jakina denean.

Horregatik guztiagatik, alderdi politikoei deia egiten diegu erakuts dezatela, behingoz, lehen sektorearen aldeko apustua eta balio estrategikoa, Eusko Jaurlaritzan merezi duen pisua emanez, Sail propio baten bitartez. Nekazaritza eta Abeltzaintzako Saila deituko den sail propioa.