PPk eta Voxek epe hori luzatu nahi dute, banatzaileen onuran
EHNE-konfederazioak, Nekazari eta Abeltzainen Erakundeen Koordinakundearen (COAG) barruan dagoenak, Berankortasunaren Aurkako Europako Erregelamenduan produktuak entregatzen direnetik horiek ordaintzeko 30 eguneko proposamenari eustea eskatzen du, gehieneko epe gisa. Ez dago proposamen hori malgutzearen alde. Europako Batzordeak egindako proposamena nekazarien eta abeltzainen interesen aurkakoa izango litzateke, eta era berean enpresa txikiei eta ertainei egin beharreko ordainketak ere atzeratuko lituzke. Europako Parlamentuan erregelamendu horri buruz eztabaidatzen ari diren honetan, EHNE-COAGtik bat egiten dugu Berankortasunaren aurkako Sektore Anitzeko Plataformaren planteamenduekin. Plataforma horrek nekazaritzako ustiategi txiki eta ertainei babesa ematen baitie. Izan ere, ustiategi txiki eta ertainak arriskuan egongo dira, baldin eta, Europako Alderdi Popularrak (EPP, zeinaren baitan PP dagoen), eta Europako Kontserbadoreak eta Erreformistek (ECR Vox bertako kide da) ordainketa-epeen erregelamenduari buruzko proposamenari egindako zuzenketa-sorta onartzen bada. Zuzenketa horiek alderdien arteko akordioaren askatasunaren argudioan oinarritzen dira. Horrek, legez, erregelamenduak adierazten duena baino epe luzeagoak ezartzeko bidea irekitzen du, negoziazioan botererik handiena duen aldeak, hau da, gure ekoizpenen erosleak, bere baldintzak inposatuko lituzkeelako, hala ordaintzeko epea luzatuz.
EHNE-COAGen uste dugu, industria, banaketa eta gainerako erosleak ez direla gure kolkotik finantzatu behar. Batzordearen proposamenak salatzen dugun egoera honen lekuko diren inpaktu-azterketen emaitza islatzen du: Europako merkataritzaren patronalak berak 150.000 milioi eurotan zenbatu du.
Egungo zuzentarauaren ordez erregelamendu bat ezartzea bultzatzen du egungo lege-proposamenak.
Zuzentarau bat ez bezala, Erregelamendu bat zuzenean aplikagarria da eta xedapen berberak ezartzen ditu EB osoan. Proposamen horrek gehienez hogeita hamar eguneko ordainketa-epe bakarra ezarriko luke, bai produktu freskoentzat, baita galkorrentzat ere.
Horri esker, lehendik dauden xedapenak homogeneoago aplikatuko dira nekazaritzako elikagaien sektorean, baldin eta egon daitezkeen eskakizun zorrotzenak errespetatzen badira. Gure ustez, proposamen honek merkatu bakarrean arauak bateratzea errazten du, eta Jardunbide Komertzial Desleialei buruzko EBko Zuzentaraua indartzea lortu beharko luke, nekazaritzako eta elikagaigintzako hornidura-katean enpresen arteko harremanetan.
Aldaketak ETEen eta enpresa handi edo administrazioaren artean aplikatzeko aukera baztertzen badu ere, esperientziak erakusten du konpainia handienek badituztela hori saihesteko baliabideak, baldin eta, adibidez, bitartekari arituko liratekeen tamaina txikiagoko konpainien bidez sinatzen badira kontratuak. Gogora dezagun berandu ordaintzeak etekin finantzario handia dakarrela, batez ere inflazio-aldietan eta interes tasa altuetan.