1976tik nekazaritzaren eta abeltzaintzaren balioak defendatzen
Vitoria-Gasteiz
www.uaga.eus
Tolosa
Iruñea
Azpeitia
Tutera
Elizondo
Lizarra
Abeltzaintza
Berriak EHNE
AZKENAK ABELTZAINTZA

Isil-isilik eta maila guztietako administrazioaren inolako mugarik gabe, Donostiako lurretan Eskusaitzetan hain zuzen, munduko laborategiko haragi plantarik handiena ari dira eraikitzen. Datorren udazkenerako egina egotea aurreikusten du munduko haragi enpresarik handiena den, eta enpresaren akzionista nagusia den, JBSk. Eta hemen, Euskal Herrian, isiltasuna da nagusi.

Animaliaren baten muskuletatik ateratako zeluletatik abiatutako gaia da, “laborategiko haragia”, “landutako haragia”, “zelula hazkuntzako haragia” edo “in vitro haragia”.
EHNEtik jendartearentzako orokorrean patenteetan oinarritutako elikadurak dakarren arriskuaz etengabe ohartarazi dugun arren, administrazio batek ere ez du ezer ere esan. Orain bederatzi hilabete inongo harrabotsik sortu gabe laborategia eraikitzeko baimena eman zitzaion BioTech Foods izena duen enpresari. Ekainaren 7an JBSk argitaratutako oharrean adierazi zuen 4.000 tona laborategiko haragi sortzeko moduko laborategia egiten ari direla.
Oraindik ere osasunean izan dezakeen ondoriorik aztertu ez den arren, baimenak eman dituzte aurrera egin dezan. Italiako Gobernuak, berriz, elikagai sintetikoak debekatu ditu “osasun publikoa babestu” behar dela nabarmenduz. Francesco Lollobrigida Italiako nekazaritza ministroak horrelako elikagaiak merkaturatzeak bidegabekeria sozialak emateko arriskua dakartela gaineratu du. Eta hemen isil isilik segitzen dute administrazioek horrelako eraso baten aurrean!!
Laborategiko haragiak patenteen menpe bizitzera bultzatuko du herritarra. Mendeetako ezagutza, biodibertsitatea, paisaia, kolokan jar ditzake mendekotasun horrek. Hein berean, elikadura subiranotasunean sortuko duen arrakala nabarmena izango da. Gutxi batzuren esku gera baitaiteke elikadura.
Deszentralizatutako elikagaien ekoizpena sustatu behar da, ahalik eta gertukoena, bioteknologiaren erabilera ekonomiko makurren mugetatik kanpo gelditzen dena. Elikagaiek ezin dute gutxi batzuren patrikak betetzeko merkantzia izan. Edozein gobernuk bere herritarren osasunean, beren lurraldearen etorkizunean, pentsatuko balu ohartuko litzateke patenteetan oinarritutako elikadurak ez duela berdintasunik bermatuko, ezta ingurumen edo pertsona osasuntsurik ere. Irabazietan oinarritutako asmoak elikatzen ditu laborategiko haragiak.

Badirudi laborategiko haragiak egun pairatzen ditugun arazo, kalte eta zigor guztiei erantzuten dien produktua dela: klima aldaketari aurre egiteko baliagarria, edo animalien ongizaterako onuragarria, baita osasunerako ona ere. Baina hutsune handiak ditu diskurtso horrek. Zelulen ugalketa hau ez dago araututa. Estatistikoki minbizidun zelulak ere sar daitezke ugalketa mota honetan eta modu industrialean egiten hasiz gero zelula horien gaineko kontrol osoa izatea zaila da. Kezka sortzen dute ekoizpen mota honetan sor daitezkeen patogenoek, baita produktu hauetan egongo den hormona kontzentrazio handiek ere.
Bestetik, klima aldaketari eusten lagunduko diotela diote baina CO2 isurketa handiagoa suposatzen du: laborategiko haragia ekoizteko inguruak esterilizatua egon behar du eta horretarako energia kopuru handia xahutzen da, ondorioz, CO2 handia isuriz. Californiako Davis unibertsitateko ikerlariek egindako ikerketen arabera, haragia modu naturalean ekoizteak baino 25 aldiz gehiago kutsatuko luke laborategiko haragiak.
Baserritarrok sortzen ditugun onurarik ez du ematen laborategiko haragiak. Ozen esan nahi dugu ez dela sozialki bideragarria, ez diola ingurumenari onik egiten eta gutxi batzuen patrikak bakarrik beteko dituela usteko haragi horrek.

Ezin da horrelako industria erraldoirik sustatu! Ez hemen, ez inon!!